XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pentsatu ere egin nuan: Lapurrik gabe ere biziko giñake ba. A zer pakea izango genduken. Eta alaxe dirudi, baiña zer gertatuko ote litzake gauetik goizera lapur guziak izkutatuko balira?

Sirenak egiten dituzten langilleak lanik gabe lirake, eta tresna oiek kotxeei ezartzen dietenak zer esanik ez. Orrelakoak saltzen dituzten dendariak ere ez luteke mesede aundirik izango. Orain bearrekoak diran ate asko eta asko ere alperrik izango lirake, eta makiñabat arotz eta burnizko ate eta itxiturak egiten aritzen diran langille asko zer egiñik gabe geratuko lirake. Sarrailla eta orrelakoak egiten diran fabrikak ere izango luteke jipoi ederra.

Epaille, lege gizon, oien idazkari, gizon armadun eta abarren erdiak ez luteke lanik izango. Eta zenbat luzatu ote liteke gai au, ariari tira egiten asi ezkero? Ea, penizilina arkitzeko pulmonia bezela, lapurrak ere bearrekoak diran batzuek ogia jan dezaten? Polita izango litzake...

Badira bildurra ematen duten berriak ere. Ona emen oietako bat: Colombian drogaren sal-erosketa libre utziko ote dan zurrumurruak dira.

Amerikako nazio askok bezela, Colombiak ere zor aundiak omen dauzka. Artzekodunak baldintza estuak ipintzen eta zorpetik irten ezin. Biziko badira dirua inguratu bear nolabait.

Orra bi alderdiak txarrak dituan berri bat. Gaitza txarra, eta erremedioa okerragoa oraindik.

Pakea eskatu oi degun egunak datozkigu. Pakerik izan ote diteke zuzentasunik gabe?

Eguberri on, irakurle.